Arte figuratiboaren ertzak lausotzen direnean, azala garrasi bihurtzen denean (Francis Bacon gogoan), mundu lausoetan murgiltzen gara edozein artetan, hala margolaritzan nola didaktikan.Niri neuri ere bost koadro horiek ibilbide bat iruditzen zaizkit, narrazio bat. Hasi konektibismotik eta konstruktibismoan amaitzen dena, tartean hainbat paradoxa eta mestizaje. Etengabeko borroka dialektikoa islatzen dute gainera: ekintzaren eta eskurapenaren artekoa, hoditeriaren eta jarioaren artekoa, gizabanakoaren eta gizasozialaren artekoa, egituraketaren eta kaosaren artekoa.
Argi ditzadan zenbait kontzeptu erakusketa bateko liburuxka baino ilunago eta pedanteago jartzen ari naiz eta.
1. Ekintza eta eskurapena/ Hoditeria eta jarioa.
Konektibismoak zenbaitetan jakintza burmuinetik kanpo kokatzen du, sareko adabegietan. Hodia bera da garrantzitsuena. Ekintza da gunea; eskurapenak, ostera, pisu arina du oso (ikus 1. koadroa). Baina zuzenbiderako edo informatikarako, adibidez, baliagarria dena, baliagarria al da hizkuntzen ikaskuntzarako?
Mistoagoa da bigarren koadroa. Unibertsitateko gaiaren kasuan eskurapenak pisu arina du, hizkuntzei dagokienez, berriz, apenas dagoen eskurapenik. Etorkizunean eskurapenak zenbait testuingurutan ez al du pisua eta ezinbestekotasuna galduko?
Konektibista al da hirugarren koadroa? Honela izan daiteke itxuraz, baina sakonera jota bada paradoxa handi bat. Hizkuntza bera baita hodiaren osagaietako bat. Nola liteke orduan, hodia bera bihurtzea eskurapenaren helburu? Joera konektibista hutsa erabiliko bagenu, PLNa izango litzateke helburu eta ez hizkuntza. Agian, eskurapena helburu denean, konektibismoaren formulazio berri batera jo beharko genuke: garrantzitsuena ez da edukia, edukia eskuratzeko sortzen dugun ikas-dinamika baizik.
2. Gizabanakoa eta gizasoziala (ikaskuntza soziala)/ egituraketa (syllabusa) eta kaosa.
Laugarren koadroan konstruktibismo sozialean ari gara. Konektibismoak ez bezala, konstruktibismoak, paradigma helduagoa izanik, zenbait gauzatze metodologiko ditu: AOI da horien artean entzutetsuena. Baina badira definitu beharreko hainbat esparru. Besteak beste, nola uztartu ikasle bakoitzaren eskurapen hurbileko gunea eta taldearena ataza kolektiboetan? Modu sozialean ikasten badugu ere, eskurapena pertsonala da. Nola uztartu bi kontu hauek? Horretarako ebaluazio pertsonalizatua eta autoebaluazioaz gain, beste bide batzuk ere bilatu behar direlakoan nago. Eta syllabusari buruz, zein da planteamendua? Beharrezkoa al da syllabusa ala egokiagoa al da burmuinak kaosa bere neurrira ordenatzeko duen gaitasunaz baliatzea? Nolako syllabusa: pertsonala, kolektiboa, aldez aurretik erabakitakoa, hizkuntzaren erabilera estandarretan oinarritua, unean uneko ebaluazioaren bidez apurka-apurka eraikia?
Sozializazio eskaseko konstruktibismoa erakusten digu bosgarren koadroak. Konstruktibismo hutsean amaitu da, beraz, gure ibilbidea. Erakusketako liburuxka ixteko ordua da.
Nire lagun batek (margolaria bera, ez dut uste kasualitatea denik) opor garaia heltzen denean beti galdera bera luzatzen dit: zergatik ari haiz beti urrunera joateko bidaia prestatzen. Ez al haiz konturatzen zenbat gauza dauden gorde gordean, nork ikusiko, metro karratu batean? Horixe izan da nire asmoa, didaktika metro karratu batzuk hona ekartzea eta bakoitzak, idatziz edo ez, bere narrazioa osatzea.